Atxondoko Udalak etxebizitza bat utzi dio Mankomuitateari

Anboto 2022ko abe. 12a, 10:00
Ezkerretik hasita, Javier Crespo, Xabier Azkarate, Mireia Elkoroiribe eta Maria Aranguez.

Lau urterako akordioa sinatu dute Atxondoko Udalak eta Mankomunitateak. 

Atxondoko Udalak Mankomunitateari etxebizitza bat utzi dio, gizarte-helburuetarako erabili dezan; gizarte-larrialdietarako ostatu-zerbitzurako. "Udal gisa oso garrantzitsua iruditzen zaigu lortutako akordioa; izan ere, zalantzarik gabe, Mankomunitateak Gizarte Zerbitzu oso garatuak ditu, eta orain erabiltzen ez den etxebizitza hori behar bezala kudeatzen jakingo du", azaldu du Xabier Azkarate alkateak. 

Udaletik jakitera eman dutenez, Mankomunitateak bere gain hartuko ditu higiezinaren erabilerak eragindako gastu guztiak, hau da, ura, argia eta berokuntza, besteak beste. "Mankomunitatetik oraindik martxan jarri gabe genituen Gizarte Zerbitzuen Zorroan jasota ditugun zerbitzu batzuk, hala nola etxebizitza bat izatea gizarte-larrialdiko helburuetarako edo genero-indarkeriako kasuetan. Atxondoko Udalari esker orain zerbitzu hau eskaini ahal izango dugu", adierazi du Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!