Atxondon teilatupe bat izan arte, udaletxe azpia Harrerakoen bizitoki

Anboto 2022ko aza. 27a, 16:27

Hotza eta euria heldu dira Durangaldera, eta azken egunotan ez da giro kalean egoteko, are gutxiago kalean lo egiteko. Atxondon, zenbait herritarrek udaletxe azpian lo egiten dute; bertan bizi dira. 

Urriaren 6an, Atxondoko Udalak Axpeko aterpetxera ezin zirela sartu esan zieten Harrerako kideei, eta harrezkero kalean daude. Hasieran, kanpalekua muntatu zuten udaletxe azpian, eta bertan egon ziren zenbait egunetan. Azaroaren 3an, udalagaz batzar bat egin ostean eta zenbait konpromiso hartu eta gero, kanpalekua desmuntatu zuten. Baina udalak batzarreko konpromisoak bete ez zituela ikusi zutenean, berriro kanpalekua muntatzea erabaki zuten. Azaroaren 15ean bizitokia prestatu eta azaroaren 18tik hona udaletxe azpian lotan daude Harrerako kideak. "Ez dugu Atxondoko Udalaren berririk, baina guk, bien bitartean, zenbait agentegaz kontaktuan jarraitzen dugu; Mankomunitateagaz, esaterako. Herrian lanketa bat egiten eta herritarrak sentsibilizatzen ere jarraitzen dugu", azaldu dute Harrerako kideek. 

Hori horrela, barikuro udaletxe azpian bilerak egiten dituztela azaldu dute, eta gaur, esaterako, ipuin kontalari bat egongo dela, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!