"AHTren lanetan dabiltzan kamioiek 260 bat joan-etorri egin dituzte gaur Apatamonasterioko herrigunetik"

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 10a, 22:01

Abiadura Handiko Trenaren kontrako ekintzaile batzuek errepidea moztu dute arratsalde honetan Atxondon. Euren arabera, kamioiek "debekatuta" dute herrigunetik igarotzea, "udal dekretu bat" tarteko.

Abiadura Handiko Trenaren kontrako hainbat ekintzailek errepidea ebaki dute arratsalde honetan, Irubideko errotondatik  herrigunerako tartean. Bide-mozketa arratsaldeko 17:00ak aldera egin dute. "Errepidera irten eta kamioien sarbidea oztopatu dugu hogeita hamar bat lagunek. Arratsalde osoan zehar, Apatamonasterioko herrigunetik kamioirik ez pasatzea lortu dugu", azaldu du ekintzaileetako batek. Euren arabera, kamioiek "debekatuta" dute herrigunetik pasatzea, "udal dekretu batek" halantxik aginduta. "Berez, desjabetutako lursailetan eraikitako bideetatik iritsi beharko lukete AHTa egiteko lanetara, baina ez dute horrelakorik egiten, hain zuzen ere, herrigunetik pasatuta kilometroak, erregaia, denbora, aurrezten dituztelako", azaldu dute ekintzaileek. "Obretan lanean dabiltzan arduradunek beraiek esan digute gaur 260 bat kamioi joan-etorri igaro direla herrigunetik", zehaztu dute. Errepide mozketa Irubide aldean egin eta gero, bigarren mozketa bat egin dute garai bateko maisu-maistren etxearen parean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!