Domeka honetan Atxondon hasiko da lau t'erdiko Master Laboral Kutxa Txapelketa

Anboto 2022ko urr. 27a, 15:22

Txapelketako aurkezpeneko irudia.

Final laurdenak Berrizen jokatuko dira, finalerdiak Abadiñon eta finala, Zornotzan.

Domeka honetan, urriaren 30ean, Atxondon hasiko da Lau t 'erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa. Guztira, 65 emakumek hartuko dute parte, eta horietatik 28 pilota mistoarekin lehiatuko dira; gainerakoak, goxoarekin.

Atxondoko jardunaldia 10: 30ean hasiko da. Lehenengo partida gazteen arteko Pilota Goxua 2. Triangeluarra izango da. Ondorengo partiduak honako hauek dira: gazteen arteko partida mistoa, Zabalaren eta Salsamendiren arteko Misto Elitea, Garazi Agirresarobe eta Kattalin Fernandezen artekoa gomazko paletan, eta Naroa Jaio eta Elene Garciaren arteko partida.

Laia Salsamendiren itzulera

Aurtengo edizioa bi berrikuntza nagusirekin dator.Alde batetik, Laia Salsamendik atzean utzi du denbora luzez kantxetatik kanpo mantendu duen lesio larria eta txapelketan ariko da. Ikusmin handia dago egungo espezialista onenen aurka eman dezakeen maila ikusteko.

Bestalde, Daniela Vargas mexikarra ere lehen aldiz lehiatuko da pilota mistoarekin, eta herrialde horretako eta Amerika osoko lehen emakumea izango da material horrekin jokatzen.

Amaia Aldai da txapelketa irabazteko faborito nagusia, baina inoiz baino lehia handiagoa izango du iazko txapela berritu nahi badu, Olatz Arrrizabalaga, Enara Gaminde, Miriam Arrillaga edo Leire Garairen aurka jokatu beharko baitu, besteak beste. Lehiaketa taula iazko rankingaren arabera egin da.

Finala Zornotzan

Atxondokoa ez da Durangaldeko hitzordu bakarra izango. Final laurdenak Berrizen jokatuko dira azaroaren 20an; finalerdiak Abadiñok hartuko ditu abenduaren 4an eta finala Zornotzan izango da abenduaren 10ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!