Anboto Kilometro Bertikala indartsu dator bueltan; Euskadiko txapelak banatuko ditu goi mailako korrikalarien artean

Joseba Derteano 2022ko ira. 30a, 12:30

2019tik honako etenaldiaren ondoren, pandemia aurretik bizi zen giroa berreskuratzeko animoagaz bueltatuko da zapatu honetan XIII. Anboto Kilometro Bertikala. Korrikalariek euren alea ipiniko dute behintzat, Euskadiko txapelketa izanda dena ematera joango dira eta. 

Izen-ematea aspalditik dago beteta. "Pandemiaren ondoren, antza, korrikalariak lasterketa gosez daude. Ilusionatuta daude eta horrek gu ere ilusionatzen gaitu antolatzerako orduan", adierazi du Asuntze Mendi Taldeko Aitor Belarrek. Kantitateagaz ez ezik, kalitateagaz ere pozik egoteko moduan daude; Euskadiko txapelak egongo dira jokoan eta maila handiko korrikalariak joango dira. Gizonetan, Asier Larruzea eta Jabi Goitia, besteak beste. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia, Natalia Gómez eta Igone Campos, beste hainbaten artean.

Ibilbidea betikoa izango da: Arrazolan hasi eta Anboto tontorrean amaitu. Puntu batetik bestera 3,8 kilometro daude, 1.092 metroko desnibel positiboagaz. Apur bat aldatuko dena ordutegia da. Normalean baino ordubete geroago hasiko da proba: 15:00etan. Ordu biak goizegi zelakoan eta bazkalordutik gertuegi dagoelakoan apur bat atzeratzea erabaki dute, parte hartzaileen iritziak entzunda. Ondorioz, sari banaketa ere ohi baino apur bat geroago egingo dute, 18:00etan, hain zuzen ere.

Eguraldiari begira
Lasterketarako kontuan hartu beharreko faktore bat eguraldia izango da. Egunean bertan edo aurrekoetan euria egiten badu ibilbidea lokaztuta egongo da, eta, hartara, korrikalari batzuk beste hatzuk baino hobeto moldatuko dira. Ibilbidea astun badago kilometro bertikaleko errekorrak hobetzea gatxa izango dela ematen du, baina Euskadiko txapela jokoan egonda, batek daki. Emakumeetan, honako hau da errekorra: 45.59. Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak ezarri zuen, 2018an, 2011tik Oihana Kortazarrek zeukana minutu bat baino gehiagoan hobetuta. 2011tik hona inork hobetu ez duena gizonen marka da. Urte hartan Marco de Gasperi italiarrak ezarritakoak (37.14) indarrean dirau oraindino. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!