Errepidea moztu dute Atxondon, AHTa eraikitzeko kamioiak herrigunetik “baimen barik” pasatzen dabiltzala salatzeko

Anboto 2022ko uzt. 21a, 21:28

Herritar talde batek autoak geldiarazi ditu bide erdian. Diotenez, “ia ordubetez” blokeatu dute kamioien joan-etorria. Ertzaintzak dio mozketak “minutu gutxi batzuk” iraun dituela. 

Goiz honetan izan da ekintza, 10:30ak aldera. ANBOTOk jakin ahal izan duenez, Atxondoko herritar talde batek AHTa egiteko lanetan parte hartzen duten kamioien joan-etorria oztopatu du errepidea blokeatuta. Ekintzaren egileek hedabide honi azaldu diotenez, “helburua baimenik gabe dabiltzan kamioiak herrigunetik pasatzea ekiditea” izan da. Adierazi dutenez, “ia ordubetez” izan dute errepidea blokeatuta eta “auto ilara luzeak” eragin dituzte. Bide mozketa garai bateko Maisu-maistren etxea zegoen tokian egin dute, Apatamonasterioko herrigunetik igerilekuetarako bidean. Ekintza hasi eta gero Ertzaintza bertaratu da.  Ekintzaileek agenteen “oldarkeria” kritikatu dute eta gaineratu dute agenteei “kamioiek legea errespetatzen ez dutela” jakinarazi arren, “jarrera oldarkorra” izan dutela protestan baturikoen kontra.  Bestalde, kamioi gidarien jarrera “tamalgarria” kritikatu dute. “Handikeriaz” jokatzea egotzi diete azken hauei. 

Segurtasun Sailaren arabera, bide mozketak “minutu gutxi batzuk” iraun ditu. “Hiru autok” bidea oztopatu dutela eta “hamar herritarrek” protestan parte hartu dutela adierazi esan dure Segurtasun Saileko iturriek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!