Eskolan sukaldea ipintzeko lanek "atzerapen handia" izango dute

Anboto 2022ko uzt. 1a, 10:32

Atxondoko Udalaren arabera, "Hezkuntza Sailak obrak hasteko asmoa zuen, espazio berria uda honetan egokitzeko eta datorren ikasturtetik aurrera martxan egon ahal izateko", baina lanak "hilabete batzuk atzeratuko dira". 

Horrek eskoletako eraikin zaharra birgaitzeko eta eraberritzeko asmoei ere eragingo die, eta horrenbestez, haurreskola eta ludoteka berritzeko lanak ere atzeratu egingo dira. Udalak "deitoratu" egin du eskolan sukaldea ipintzeko obren esleipena izaten ari den "atzerapen handia". "Ahaleginak egin ditugu uda honetan obrak hasi eta buka zitezen, datorren urtean eskolako gela berriak estreinatzeko asmoz, baina Atxondoko Udalaren kanpoko arrazoiengatik ez da posible izango", adierazi du Xabier Azkarate alkateak. "Lanean jarraituko dugu gure herriko eskolak espazio berri horiek eta egingo ditugun beste batzuk lehenbailehen izan ditzan, Atxondon Herri Eskola indartzen eta babesten jarraitzeko", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!