Tortilla eta bakailao txapelketak eta Laiotz taldearen erromeria, gaur, Apatamonasterioko San Pedro jaietan

Maialen Zuazubiskar 2022ko uzt. 1a, 13:00

Atxondarrak jaietan murgilduta dabiltza azken asteotan. Joan zen asteburuan Axpeko San Joan jaiak ospatu zituzten eta asteburu honetan San Pedro jaiak ospatuko dituzte.

Sanpedroei ekainaren 28an eman zieten hasiera, txopoa altxatuta. Ohitura den lez, lehenengo, Gaztetxean txopo txikia apaindu zuten, eta, ostean, herritarrak kalejiran igo ziren Irubidetik trikitilariekin. Gero, txopo biak altxatu, pregoia eman eta kontzertu akustikoagaz hasi zituzten jaiak. 

Asteburu betea
Gaur, uztailak 1, Atxondo Harrera Herria elkartearen eskutik, ipuin kontaketa egongo da plazan, 19:00etan. Eta, ondoren, 20:00 bueltan, bakailao eta patata-tortilla txapelketak egingo dituzte, plazan bertan. Jai Batzordeak mahai-oihalak, ogia eta kafea ipiniko ditu txapelketa bietarako. Gauean, 23:00etan, Laiotz taldeak erromeria joko du. 

Uztailaren 2an, igel, paella eta mus txapelketak egongo dira, besteak beste. 17:00etan jolasak egongo dira umeentzat, eta 18:30ean Aldats elektrotxarangak herriko kaleak animatuko ditu, plazatik hasita. Bestalde, 22:00etan, Jaimones, State Alerta eta Keike taldeen kontzertuak hasiko dira. 

Atxondarrek uztailaren 3an emango diete amaiera jaiei, domekan. 11:00etatik 14:00etara artisau eta nekazari azoka egongo da, plazan. 13:00etan, Amillenaren eskutik, pintxo dastatzea egongo da. Eta 19:00etan Olinda taldearen kontzertua izango dute. Taloa janda eta txopoa kenduta amaituko dituzte aurtengo San Pedro jaiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!