"Marixurrike herritik eta herriarentzat sortu zen eta lekukoa herriko batek hartzea gura genuke"

Anboto 2022ko eka. 19a, 10:20

Amaia Camuñas, Arantza Rodriguez eta Alazne Alzuaran orain 6 urtetik arduratzen dira Marixurrikeren kudeaketaz. Baina "etapa polit honi" amaiera emateko ordua heldu zaiela iruditzen zaie eta aisialdi taldeagaz jarraituko duen norbaiten bila dabiltza. 

Sei urteren ondoren, Marixurrikeko etapa ixtear zaudete.
Alazne Alzuaran: Etapa hau amaitzeko ordua heldu zaigu. Erreleboa eman eta generazio aldaketa baterako ordua heldu da. Orain arte, geu arduratu gara kudeaketaz: ekintzak antolatzeaz, begiraleak topatzeaz... Baina, orain, elkartearen gestio osoa hartuko duen norbaiten bila gabiltza.
Amaia Camuñas: Marixurrike herriko aisialdi guztiaz arduratzen da eta hori antolatuko duen norbaiten bila gabiltza.
Arantza Rodriguez: Marixurrike herritik eta herriarentzat sortu zen eta lekukoa herriko norbaitek hartzea gura genuke. Gutariko bakoitzak geure bidea egin dugu apurka-apurka, gure lana daukagu eta ezinezko egiten zaigu denagaz jarraitzea.
A. A.: Kontziente gara Atxondoko errealitatea zein den, baina asko poztuko ginateke erreleboa herriko norbaitek hartuko balu, gure filosofiari jarraituko dion norbaitek. Beraz, herriko gazteak animatu gura genituzke. Testigu aldaketa horretan bidelagun izango gaituzte.

Zer eman dizue zuei Marixurrikek?
A.R.: Marixurriken hasi arte, nik lo baino ez nuen egiten Apatan. Eta, orain, askoz ere lotura estuagoa dut herriagaz, askoz ere jende gehiago ezagutzen dut, eta Marixurrikeri eskerrak herriak gauza asko eman dizkit. 
A. A.: Gurasoekin eta umeekin ere lotura estuak sortzen dira.
A. C.: Bai Marixurrikek bai guk herriko familien babesa dugu eta horrek aurrera egiten laguntzen du. Marixurrikeri eskerrak oso hartu-eman politak sortu dira Atxondon. 

Interesdunek zer egin beharko lukete?
A.R.: Gutariko baten bategaz kontaktuan ipini daitezke, edo, bestela, marixurrikedok@gmail.com helbidera idatzi dezakete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!