Atxondoko igerilekuko taberna esleitzeko lehiaketa martxan

Anboto 2022ko mai. 31a, 10:02

Interesdunek ekainaren 6ra arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko. 

Atxondoko Udalak asteon prentsa ohar bidez jakinarazi du, Apatamonasterioko igerilekuetako tabernaren kudeaketa lizitaziora atera duela. Interesa dutenek ekainaren 6ra arteko epea izango dute eskabideak bide elektronikoz aurkezteko. 

Udaletik azaldu dutenez, tabernaren kudeaketa eta ustiapena lizitaziora atera dute, denboraldiko 1.000 euroko kanonarekin; kanona hiru ordainketetan ordaindu beharko da, ekainean, uztailean eta abuztuan. Gainera, kontratua urtebetez luzatu daiteke. 

Ordutegiari dagokionez, 11:00etatik 20:30era zabalik egongo beharko da, kontratuak irauten duen egun guztietan. Horrez gain, taberna edariekin eta jatekoekin hornitu beharko dela azaldu dute, eta, produktu osagarriak eduki ahal izango direla: izozkiak, opilak, litxarreriak eta antzekoak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!