Ibilgailu astunak herrigunetik pasatzea mugatuko dute Atxondon

Anboto 2022ko api. 5a, 15:37

Atxondoko Udaletik jakitera eman dutenez, ADIFi jakinaraziko diote kamioiak ezin direla herrigunetik pasatu. 

Atxondoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, itxaroten zeuden txosten juridikoa jaso dute, eta bertan ageri denez, udalak ibilgailu astunen trafikoa antolatzeko ahalmena du. Hori horrela, Atxondoko Udalak herria zeharkatzen duten ibilgailu astunen sarbidea mugatuko du.  "Herritarren ondoezaz jabetzen gara, baina edozein erabaki hartu aurretik gure erabakiak barmatuko dituen txosten juridikoa izan nahi genuen", adierazi du Xabier Azkarate alkateak. Beraz, hemendik aurrera, ibilgailu astunek Atxondoko Udaleko baimen berezi batekin soilik zeharkatu ahal izango dute herria.

Bestalde, ADIFi kamioiak herri erdigunetik ezingo direla igaro jakitera emango diotela azaldu dute Atxondoko Udaletik, eta Ertzaintzari ere ebazpenaren berri emango diotela. 

Horrez gain, gaur herriko seinaleztapena aldatzen hasiko direla esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!