Euskarazko musika elektronikoa jorratzen du Itziberrek; Villarrek sorturiko musikari hitzak jarri dizkio Azkaratek. "Psikodelia elektropunk doinuak egiten ditugula esatea gustatzen zaigu", azaldu du abeslari atxondarrak. Berbei dagokienez, harremanei buruzkoak direla azaldu du Itzi Azkaratek. "Harreman mota bakoitzak dakarren ekarpenaz abestu dugu kantu honetan, lagun zein bikote arteko harremanek egiten duten ekarpenez".
Hiru dimentsioetako animaziozko bideoagaz batera kaleratu dute lehen bideoklipa. "Disko osoak barik, abestiak grabatu ahala publikatzea da asmoa". Bigarren kanta bat prest du bikoteak, baita ere, Annie Lennox eta Dave Stewarten Sweet dreams (are made of this) abestiaren bertsioa, hain zuzen ere.