Atxondoko ludoteka kaltetu eta emakumeen kontrako pintadak egin dituztela salatu dute

Maialen Zuazubiskar 2022ko urt. 11a, 12:03

Marixurrike aisialdi taldeak berriro ere ludotekan "kalte handiak" egin dizkietela salatu du.

Dagoeneko pare bat urte pasa dira "baimenik gabe" Atxondoko ludotekan sartu eta, norbaitek,  lehenengoz dena "hankaz gora" jarri zuenetik. Orduz geroztik, hainbat bider errepikatu da egoera hori. "Opor sasoian, udan, Aste Santuan, gabonetan, sarritan sartu zaizkigu ludotekara eta dena hankaz gora jarri izan digute. Orain ere, berdina gertatu zaigu. Hau ez da broma bat, kalte izugarriak eragiten dizkigute eta. Gainera, gurea herriko zerbitzu bat da eta errespetu falta bat iruditzen zaigu egiten dabiltzana", azaldu dute Marixurrikeko kideek.

Oraingoan gainera, atea apurtu eta kalte materiala eragiteaz gain, emakumeen kontrako idatziak agertu direla salatu dute Marixurrikeko kideek, 'Emakumeak sukaldera' bezalako idatziak jarri dituzte. Ludotekako arduradunek horrelako jarrera matxistarik ez dutela onartuko adierazi dute.

Bestalde, dagoeneko Ertzaintzan salaketa jarrita dagoela jakitera eman dute eta horrelakorik berriz ez gertatzea espero dutela nabarmendu dute.

Guraso taldeari eskertuta
Bestalde, herriko guraso taldeagaz oso eskertu daudela jakitera eman dute ludotekako arduradunek. "Gertatukoaren berri izan zutenan, guri nola lagundu pentsatzen hasi ziren. Ludotekara sartu zaizkigun bakoitzean jostailuak eta materiala txikitu dizkigute eta ezer barik gelditu izan gara. Orain, gurasoen laguntzari esker, bagabiltza jostailuak jasotzen baita material berria ere, bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!