Aste honetan hasi dira Atxondo paretik doan BI-3336 errepidea zeharbide bilakatuko duten lanak. Cemosa enpresako sarbidetik Santa Katalina zubiraino iritsiko da zeharbidea. Espaloiak handitu eta autoen abiadura gutxitzeko neurriak hartuko dituzte. "Horri esker, tarte hori oso kale segurua izango da atxondarrentzat", azaldu dute udal ordezkariek ohar batean.
Joan den azaroan esleitu zitzaizkion lanak Fhimasa enpresari, 716.650,45 eurotan. Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko ditu, eta datorren urteko uda baino lehen amaituta egotea aurreikusten da, oharrean zehazten denez.