"Gertakari bitxia da, oso bitxia", diote Gipuzkoako Pilota Federazioko iturriek. Finala bertatik bertara ikusi zutenek, berriz, ez dute horrelako beste aurrekaririk gogoratzen. Bizkaiko pilotari bat Gipuzkoako talde batean jokatzen ikustea arraroa bada, zer esanik ez bertako txapelketa batean gailentzen ikustea. Bada, horixe da Faben Ituarte Gonzalezen (Atxondo, Arrazola, 2004) kasua. Atzo Gipuzkoako buruz buruko txapela jantzi zuen gazte mailan, Lazkaon jokatutako finalean. 22-6 irabazi zion Odriozola azpeitiarrari. Hasi eta bukatu, partidu osoan nagusi izan zen Ituarte.
Atzoko finala txapelketa osoan ikusitakoaren isla izan zen. Ituartek Gipuzkoako oilar handien kontra neurtu ditu indarrak kanporaketetan eta denak 10 tantotik behera utzi ditu.
Onenekin jokatuz ikasten da gehien. Horregatik, Gipuzkoan maila handiagoa zegoela ikusita, harako bidea hartu zuen Ituartek orain urte batzuk. Azpeitiako taldean ibili zen lehenengo eta gaur egun Lazkaoko LAPKE taldean dabil. Emaitzek erakusten dutenez, erabakia bere fruituak ematen ari da apurka-apurka.
Faben Ituarte atzoko gainerako finalistekin.