Haurreskolan eta ludotekan lanak egitea eta eskolan sukaldea jartzea, Atxondoko proiektu nagusiak

Maialen Zuazubiskar 2021ko abe. 14a, 11:10

Astelehen goizean egindako osoko bilkuran, Atxondoko Udalak 2022rako aurrekontuak onartu zituen. EAJren aldeko bozkagaz eta EH Bilduren abstentzioagaz 2.309.996 euroko aurrekontua onartu zuten.

"Egia da datorren urteko aurrekontua 2021ekoa baino baxuagoa dela. Baina 2021eko aurrekontuari Bizkaiko Foru Aldundiak BI-3336 errepidea zeharbide bihurtzeko lanak egiteko emandako 700.000 euroak kentzen badizkiogu, 2022ko aurrekontua aurtengoa baino handiagoa dela", azaldu dute gobernu taldekoek prentsa ohar bidez.

Datorren urteko inbertsioetan proiekturik garrantzitsuenak haurreskolako eta ludotekako lanak burutzeko proiektuek izango dituzte. Horretarako 110.000 euro bideratuko dituzte. Bestalde, Herri Eskolan sukaldea jartzea ere 2022ko proiektu nagusienetakoa izango da. "Eusko Jaurlaritzak eta Atxondoko Udalak emandakoaren artean, 440.000 euro inguru inbertituko dira eskola-ingurunea hobetzeko, 65.000 euroko partida bat erreserbat da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra  idazten jarraitzeko. Horrez gain, Jubilatuen Etxea berriz ere birgaituko da taberna berriz martxan jartzeko", aurreratu dute jeltzaleek.

Gainera, jarduera fisikoa sustatzeko espazio berriak sortzen jarraitzea ere helburu izango du Atxondoko Udalak. Horretarako, liburutegiaren inguruan eta pump track-aren ondoan, adineko pertsonentzako parke biosasungarri bat jartzea aurreikusten da, besteak beste.

Bestalde, gobernu taldeko kideek prentsa ohar bidez jakitera eman dute, EH Bilduren hainbat proposamen ere kontuan hartu dituztela 2022ko aurrekontuetarako: Arrazolako frontoia eta Topeko merenderoa konpontzea, besteak beste.

"Aurrekontuek berriro erdigunean jartzen dute atxondarren ongizatea, eta horregatik udalak Atxondoren suspertze ekonomikoaren buru izaten eta herritarren kargak aritzen jarraituko du", bukatu dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!