“Helmugara heltzean, lehenengo euskalduna nintzela entzun nuen bozgorailutik eta harrituta geratu nintzen”

Joseba Derteano 2021ko aza. 6a, 10:30

Durango Kirol Taldeko David Rúa (Atxondo, 1989) lehenengo euskalduna izan zen Zornotzako nazioarteko kros prestigiotsuan, maila handiko beste korrikalari batzuen aurretik.

Uste baino hobeto aritu zinen Zornotzako krosean?
Egun batzuk lehenago 10 kilometroko lasterketa bat egin nuen Laredon, eta banekien ondo nengoena, baina espero baino hobeto aritu nintzen, bai. Krosak ez dira nire terrenoa, eta asfaltorako entrenamendutzat hartuta neukan, egun-pasa lez. Baina hasi zen lasterketa, bat aurreratu, hurrengoa ere bai, erritmo onean… Helmugara heltzean, lehenengo euskalduna nintzela entzun nuen bozgorailutik eta harrituta geratu nintzen.

Emaitza horrek krosetan gehiago parte hartzera animatzen zaitu?
Lokatzetan korritzea ez zait eroso egiten. Ez nabil txarto, baina hobeto moldatzen naiz asfaltoan.

Krosa, asfaltoa… baina zu triatloietan hasi zinen.
Bai. Duatloietan hasi behar nuen, baina denboraldia amaitu egin zen eta itxaron beharrean triatloietan hasi nintzen. Zerotik hasi nintzen. Banekien igerian, baina teknika entrenamendu beharra dago. Bizikletan, berdin. Pare bat urtean duatloiak eta triatloiak korrikako lasterketekin uztartu nituen, baina aita izan nintzen, seme-alabak heldu ziren, eta duatloi eta triatloiak utzi eta korrika egitea aukeratu nuen.

Korrika egitea baino kirol errazagorik ez dago.
Fisikoki ondo nengoen eta kirolik errazena zen. Etxetik irten eta korrika hasi zintezke. Gaur egun, lanera joan aurretik entrenatzen naiz normalean, goizeko seiak inguruan.

Bakarkako kiroletara ohituta zaude, baina zure lehenengo kirola taldekakoa izan zen.
Futbolean jokatu nuen, Elorrion. Baina gazteetatik nagusietarako salto horren aurretik utzi nuen, asko jokatuko ez nuela uste nuelako. Gero, areto-futbolean eman nituen bi-hiru urte.

Bakarkako kirol batean aritzeak badu abantailarik taldekako batean aritzearen aldean?
Taldekako kirolak bere gauza onak ditu, baina besteekiko dependentzia handia dago. Denak entrenatzen ez badira, entrenamenduak ez dira konpletoak eta arazoak ekarri ditzake.

Korrika zeure buruagaz bakarrik haserretu zintezke.
Bai, eta ez pentsa, askotan haserretu naiz neure buruagaz! Lehen beti pentsatzen nuen hobeto egin nezakeela. Ondo irten ez zen lasterketa batean bosgarren amaitu, eta "hirugarren egin behar nuen" eta antzerakoak pentsatzen nituen. Horretan, Donostiako 15 kilometroko lasterketa bat mugarri izan zen niretzat. Ondo prestatuta joan, bosgarren amaitu eta bigarren amaitu ez izanaren amorrua nuen. Haserre nengoen. Orduan, momentu batean, konturatu nintzen ez zuela merezi horrela aritzea. Nire lasterketa ikustera emaztea eta seme-alabak etorri, edo lagunak, eta ni bien bitartean haserre, egun-pasa eder bat pasatu beharrean? Ez. Harrezkero, beste modu batera hartzen ditut lasterketak. Azkenean, zaletasun bat da eta ez dut edo ez dugu zertan txarto pasatu.

Atletismo pistan ere aritzen zara, 800 eta 1.500 metroko probetan. Gorputzak ondo darama hain distantzia laburrak luzeagoekin tartekatzea?
Ni menditik edo asfaltotik nator. Hortik pistara aldatzea aldaketa handia da. Uste dut kontrako bidea errazagoa dela. Pistan hasi eta apurka beste terreno batzuetara egokitzea errazagoa den irudipena dut.

Gorputzari dagokionez, denboraldia zatikatu egin daiteke eta horrela egitea komeni da. Hile batzuetan distantzia laburretan zentratu daiteke eta hori amaitzean luzeagoetan hasi. Eta tartean atsedenaldiak hartu daitezke. Modu horretara, nik biak egin ditzaket, ez dit eragiten, eta prest egoten naiz taldeak pistarako behar banau.

Baina pista baino gurago duzu asfaltoa.
Bai. Herri lasterketek eta antzerakoek beste inon aurkitzen ez dudan xarma dute: giroa, animazioa…

Atletismoan aritu den familia batetik zatoz. Aita, osaba… Ez zaizu zalerik faltako!
Aita, osaba… eta izeko ere ibili zen! Txikitan aitak beti animatzen ninduen atletismoan aritzera, baina nik futbolean gura nuen. Orain oso pozik daude. Laredora noala? Hara doaz. Madrilera noala? Ba, Madrilera doaz.

Zer plan duzu hurrengo hileei begira?
Hurrengo, Lasarteko krosa egingo dut. Klubeko hainbat joango gara, Espainiako txapelketarako sailkatu guran gabiltza eta. Ondoren, Santurtzi-Bilbao dator eta euskaldunen artean ondo sailkatzea gura nuke. 2022ko urtarrilean, Valentziako 10 kilometroko proba korrituko dut. Lasterketa arina da eta marka ona egiteko esperantza dut. 31.10 da nire markarik onena eta 30 minutuak begiz jota ditut. Valentziako krosa, bere ezaugarriengatik, aproposa izan daiteke denbora hori hobetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!