AHTaren kontrako plataformak herri ekimenak deituko ditu obretako kamioiek Atxondoko herrigunetik pasatzeari uzten ez badiote

Atxondoko AHTaren kontrako plataformak AHTaren lanetan dabiltzan kamioiak herrigunetik ez igarotzeko eskatu du. Egoera aldatzen ez bada herri ekimenak deituko dituztela azaldu dute. 

Atxondoko AHTaren kontrako plataformak jakitera eman duenez, hamabost eguneko epean AHTaren obretako kamioiak Atxondoko herrigunetik pasatzeari uzten ez badiote herri ekimenak egiten hasiko dira. "Iazko ikasturtearen amaieran, herritarrok burututako sinadura-bilketa kanpainan, kamioien ibilbidea herrigunetik ez izatea eskatu genuen. Udalean aurkeztu genuen mozioan aho batez onartu zen Atxondoko Udalean prozedura hau. Hala ere, Adif-ek, legez kanpo, kamioiak herrigunetik bidaltzen jarraitzen du", azaldu dute plataformakoek. "Gainera, kamioi eta makinaria astunen joan-etorriek herritarrok arriskuan jartzen gatuzte. Eta zerbait gertatu eta herritarrok kexatu izan garenean, kamioi gidariek jarrera oldarkorra erakutsi dute gainera. Falta zitzaiguna!" jarraitu dute.

Hori horrela, hamabost eguneko epean ezer aldatzen ez bada, herri ekimenak martxan jarriko dituztela azaldu dute. Eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egin diete. "Denon artean indar gehiago baitugu". 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bitartez jaso gura dituzu? Hauek dira bi aukerak.

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @anbotokomunikabideak kanalera.