Zapatuan Artzain Eguna ospatu zuten Axpen. Bertan hiru emakume artzain omendu zituzten: Miren Bengoa otxandiarra, Mertxe Totorikaguena izurtzarra eta Felisa Intxaurbe zeanuriarra. "Ezinbestekoa ikusten genuen elkarteko hiru emakume hauek omentzea. Euren bitartez baserriko emakume guztiak omendu gura izan ditugu", adierazi dute Bizkaiko Latxa eta Karrantzar Arrazetako Ardi Hazleen Elkarteko kideek.
Gainera gazta txapelketa eta ardi txakur txapelketa ere egin zituzten. Gazta txapelketan Zeanuriko Ipiñaburu, Markiñako Baskaran eta Izurtzako Mañondo izan ziren lehenengo hirurak. Ardi txakur txapelketa, berriz, Javier Arriagak irabazi zuen.