Honako hau izango da aldaketa: Axpetik Mendigoikoa jatetxe ingurura igo eta han baso bideetan sartuko dira. Ondoren, PR Bizkaia 85 ibilbideagaz bat egingo du eta hatxetatik joango dira Arrazolara. Han, Agarreko depositoa dagoen inguruan bat egingo du ohiko ibilbidearekin.
Korrikalariek ibilbideari buruz egindako gomendioak dira aldaketaren eragileak. "Gure inguruetan dauden basoekin beste bideren batek egon behar zuela esaten ziguten korrikalariek. Gomendioei horiei bueltaka hasi ginen lanean", adierazi du Sorginen Lasterketak elkarteko Garazi Sampedrok. Elkarte horren eta Durango Kirol Taldearen artean antolatzen dute mendi lasterketa.
Luzeagoa eta gogorragoa
Ibilbide aldaketak ondorio bi ditu. Batetik, lasterketa hiru bat kilometro luzeagoa izango da: 18 beharrean 21 izango ditu. Bestetik, gogortasunean ere gora egingo du; Sorginen Lasterketak 1.700 metroko desnibel positiboa izango du, iaz baino 400 gehiago. Korrikalarien denboretan ere igarriko da aldaketa. Faboritoek ibilbidea osatzeko hogei minutu edo orduerdi gehiago beharko dutela kalkulatu dute. Beraz, irabazlea ordubiren bueltan ibiliko da. Korrikalariek izango dute azken hitza, aldaketa onerako izan den baloratzerako orduan, baina orain arte jasotako feedback-a aldekoa izan da. "Jendeak probatu izan du ibilbide berria udan eta iritzi onak jaso ditugu. Politiagoa dela diote".
Faboritoak
Guztira 320 parte hartzaile izango dira. Maiatzean ireki zuten izenematea eta plazak egunean bertan agortu ziren. Zapatuan, 08:30ean, Axpeko irteera puntuan egongo diren korrikalari guztien artean hainbat faborito nabarmendu daitezke. Emakumeetan Lide Urrestarazu, Ainara Uribarri oñatiarra, Estixen Duque portugaletearra, Nahia Quincoces mendexarra eta Araitz Villa abadiñarra daude hautagaien artean. Gizonetan garaipena Imanol Goñi earraren, Aitor Ajuria otxandiarraren, Asser Alonso atxondarraren eta Ander de Luis gasteiztarraren artean egon daitekeela uste dute antolatzaileek.
Aurten babesle berri bat izango du Sorginen lasterketak. Axpeko Mendi Goikoa jatetxeak bi lagunentzako gau bat eta gosaria zozketatuko ditu lasterketako parte hartzaileen artean. Urteroko babesleek ere jarraituko dute: Etxoste jatetxea, Akebaso jatetxea, Hirumet, Cemosa eta Atxondoko Udala.
Twitch bidez
Aurtengo beste nobedade bat da Sorginen Lasterketa multitwitch bidez jarraitu ahal izango dela zuzenean. Hiru puntutan jarraitu ahalko da: Anboton, Larranon eta Artolan. Honako hau da helbidea: https://multitwitch.tv/