Atxondon 170.000 euro bideratuko dituzte Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko

Maialen Zuazubiskar 2021ko eka. 29a, 13:29

Atzo goizean egindako osoko bilkuran Atxondoko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa Hiritek enpresari esleitzea onartu zuen. Aho batez onartu zuten.

HAPO berriaren idazketa Hiritek enpresaren esku utzi du Atxondoko Udalak. Udaletik jakitera eman dutenez, esleipen honekin urrats "berri bat" ematen da herriko hirigintzaren etorkizuna zehaztuko duen plan bat izateko.  Idazketa prozesu horrek 170.000 euroko aurrekontua izango du. 

"Orain arte indarrean egon den planak ez du lege-galbaherik gainditu eta jasanezina da. Bizitegirako eraikuntza-ahalmen guztia Markoida inguruan kontzentratu zen, uholde-arriskua duen eremua, eta gainerako orubeak desklasifikatu egin ziren. Ordutik, plana geldirik zegoen eta bideraezina izan da, eta, horregatik, lan egin behar dugu akordioarekin eta herritar guztien adostasunarekin egin daitekeen plan berri bat izateko, parte hartze prozesu batekin eta genero ikuspegia kontuan hartuta", adierazi du Xabier Azkarate alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!