The Riff Truckers eta Luhartz Apatako San Pedro jaietan

Jone Guenetxea 2021ko eka. 25a, 10:15

Apatamonasterioko "jai batzorde konfinatuak" egitarau zabala antolatu du hurrengo egunetarako. Izen horregaz keinua egin gura izan diete iazko jaiak konfinamendu bueltan antolatu zituztenei. Izan ere, jaiak antolatu zituen jai batzorde bakarrenetarikoa izan zen.

Jai batzordeko kideek azaldu dute aurten ere zailtasunak izan dituela jaiak antolatzeko. Egoera etenik barik aldatzen egoteak ez du erraztasunik eman. "Hile bitan antolatu ditugu jaiak. Osasun neurriak zainduta jaiak antolatzea erabaki dugu", gaineratu dute.

Gaur emango diete hasiera jaiei, 20:00etan, Donien Atxa ipinita. Horren aurretik, txopo txikia prestatuko dute eta kalejran joango dira plazara. Txopoa ipini eta gero, Luhartz taldearen erromeria egongo da. 250 aulki ipiniko dituzte ikus-entzuleentzat. Gaur egun, Luhartzek emanaldi berezia eskaintzen du. Abestiak eta istorioak tartekatuta, erromerien bilakaera azaltzen dute, gidoi baten bitartez. Joan zen astean, Durangon ekin zioten formatu berri honi.

Aurten paella-jana egon egongo da, baina moldatuta, ekitaldi jendetsua izaten da eta. Ekainaren 26an egingo dute kuadrillen arteko paella-jana, baina auzoka. Bost edo sei kuadrillak parte hartuko dute eta auzoka banatuko dira. Arratsaldean, Jokairen zurezko tramankuluekin jolasteko aukera egongo da, eta The Riff Truckers taldearen kontzertuagaz emango diote amaiera egunari.

Ekainaren 27an, artisau eta artisten azoka egingo dute, 11:00etan, plazan, eta 19:30ean Malas Compañías taldearen Zirkus antzezlana ikusteko aukera egongo da.

Ekainaren 29an emango diete amaiera jaiei, San Pedro egunean. Egun horretan, 14:00etan, jubilatuen bazkaria egongo da. Jubilatuek euren egoitzan jasoko dute bazkaria, eta etxera eramateko aukera izango dute. Menuaren bila joan ezin diren jubilatuei etxera eramango diete.

Kultura bultzatzea helburu
Apatamonasterioko jai batzordeak kultura bultzatuko duen egitaraua antolatzea izan du helburu. Gainera, ume eta nagusientzako ekintzak antolatu dituzte batez ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!