Atxondoko igerilekuan sartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea

Maialen Zuazubiskar 2021ko eka. 23a, 16:01

Barikuan, ekainak 25, zabalduko dituzte Atxondoko igerilekuak. Hitzordua www.atxondokoigerilekua.com webgunearen bitartez hartu beharko da.

Barikuan emango diote hasiera udako denboraldiari Atxondon, igerilekuak zabaltzeagaz batera. Udaletik jakitera eman dutenez, 11:00etatik 20:00etara irekiko dira igerilekuak eta nahitaezkoa izango da hitzordua hartzea. 

Horrez gain, www.atxondokoigerilekua.com webgunearen bitartez aukera egongo da igerilekuko abonuak egitea. Prezioak %50ean egoten jarraituko du herrian erroldatuta daudenentzat, eta kontuan hartuko da familia ugariak izatea edo familiaburua langabezian edo erretiratuta egotea, familia-unitatean beste soldatarik gabe. Hala ere, abonurik gabe ere erabili ahal izango dira igerilekuak, eguneko 4,50 euro ordainduta. 

Horrez gain, iaz ez bezala, aurten taberna zerbitzua egongo dela jakitera eman dute Atxondoko Udaletik. "Azken unera arte zentzuzko zalantzak egon dira irekiera honen inguruan, eta horrek egokitze lanak egin beharra ekarri du, Covid-19 neurrien egoerak horretarako aukera ematen zuela egiaztatu ondoren", aurreratu dute udaleko arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!