Eukaliptoaren landaketa arautzeko ordenantza bat egitea eskatu du EH Bilduk

Anboto 2021ko mai. 14a, 11:58

Joan zen asteko osoko bilkuran, Atxondoko EH Bilduk eukaliptoaren landaketa arautuko lukeen ordenantza bat egitea eskatu zuen mozio baten bitartez. Mozioak aurrera egin du, Atxondoko Udaleko alderdi bien, EAJren eta EH Bilduren, aldeko botoekin.

Atxondoko EH Bildukoek honako eskaera hauek egin zituzten mozioan: batetik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritu arte eta lurzoruaren erabilera posibleak zehaztu arte udalerri guztian eukaliptoa landatzea debekatzea. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eratzea ahalik eta arinen; eta, azkenik, Foru Aldundiek baso-politikak aldatzea, euren lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez dadin eta titulartasun publikoko zein pribatuetako mendietan egun dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifikatu dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!