Hobekuntza lanak hasi dituzte Atxondoko igerilekuan

Anboto 2021ko api. 7a, 17:17

Udalak hainbat mantenu lan hasi ditu gaur Apatamonasterioko igerilekuan. Udarako guztia prest izatea gura du.

Atxondoko Udalak igerilekua hobetzeko hainbat lan hasi ditu. Gaur egungo iragazkiaren ordez beste bi iragazki ipiniko ditu. Igerilekuaren perimetroa hobetuko du lehendik zegoen sareta-kanala ordezkatuta, eta zirkuitu berri bat instalatuko du gainezka egiten duen ura batzeko sisteman. Saneamenduari dagokionez, PH zuzentzailearentzako 1.000 litroko biltegi berri bat atonduko dute. Xabier Azkarate alkateak adierazi duenez, "azken urteetan mantenu eskasa eta txarra" egin dira eta hainbat elementu aldatu beharra ekarri du horrek. Hobekuntza lanak "udarako prest" egon daitezen lan egingo dutela azaldu du Azkaratek, hartara, "zerbitzurik onena" eskaintzen jarraitzeko.

Udalak igerilekuen diagnosia egin zuen joan zen irailean. Kolektoreek hondarra ondo batzen ez zutela eta igerilekuaren perimetro-kanala eta zintarria egoera txarrean zeudela ondorioztatu zuten txostenean. Lanokin, arazo guztiak konpondu gura dituzte. Konponketek 80.000 euroko inbertsioa dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!