Atxondoko Udalak lizentzia eman du herri eskolan sukaldea jartzeko

Anboto 2021ko mar. 29a, 18:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak udan hasiko ditu gune berria prestatzeko lanak, udal arduradunek gogoratu dutenez. Hurrengo ikasturtean sukaldea martxan egotea aurreikusi dute.

Bestalde, Atxondoko Udalak iragarri du Haurreskola eta ludoteka hartuko dituen eskolen eraikin zaharra birgaitzeko eta eraberritzeko lanak ere orduantxe hasiko direla. "Gero eta hurbilago gaude gure herriko eskolak espazio berri horiek izan ditzan", azaldu du Xabier Azkarate alkateak prentsa ohar baten bitarteze. "Lan horiekin, egin ditugun beste batzuekin, jolasgunea estaltzeko lanak adibidez, eta egingo ditugun beste batzuekin Atxondo Herri Eskola indartzen eta babesten jarraituko dugu", gaineratu du. 

Euskalerria kaleko igogailu bertikala jartzeko lanak ere hasita daudela gogoratu du Azkaratek. Lan horiekin, "mugikortasuna hobetzeko urratsak" ematen jarraitzea dute helburu, eta eskola inguru-osoa "gune seguru, irisgarria eta atsegina" bihurtzea. "Eskola-eremu osoa eta elizako ingurua oinezkoentzat jartzea eta birgaitzea lortuko dugu, oztopo arkitektonikorik gabe", azaldu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!