Berdintasun plana garatzeko lehen urratsa eman du Atxondoko Udalak

Anboto 2021ko mar. 4a, 08:52

Horrez gain, azken osoko bilkuran martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Eudelek aurkeztutako adierazpen instituzionala onartu zuen udalak, EAJren eta EH Bilduren aldeko bozkagaz. 

Atxondoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, azken osoko bilkuran herriko Berdintasun plana garatzeko urrats bat eman zuten. "Zaintza-lan guztiak balioan jarri eta pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortuko duen erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz aurrera egiteko garaia da, eta udalak, aho batez, beste urrats bat eman du", adierazi du Atxondoko Udalak. Udaletik azaldu dutenez, proiektua Maria Aranguez zinegotziak gidatuko du eta oposizioaren babesarekin osatuko du. Gainera, proposamenak herriko elkarteei aurkeztuko dizkietela esan dute. 

"Gaur egun, zaintza-lanen banaketak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna areagotzen jarraitzen du, ordainduak izan ala ez, eta nahiz eta lehendik pairatzen genuen egoera izan, pandemiak egoera hori areagotu besterik ez du egin eta zaintza-sistemaren prekarietatea azaleratu, lehendik zeuden desberdintasunak areagotuz. Gure esku dago, gizarte gisa eta administrazio publiko gisa, egoera hori iraultzea eta beste eredu sozial baterantz aurrera egiteko borrokan jarraitzea”, adierazi dute udaletik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!