"Ezagutzen ez nuen mundua aurkitu dut, eta konturatu naiz asko gustatzen zaidala"

Aitziber Basauri 2021ko ots. 14a, 10:30

Konfinamendu sasoian prestatu eta uda ostean gorpuztutako proiektua da I.b.soaps. Xaboiak, ukenduak, ezpain-babesleak eta bainurako gatzak egiten ditu Irma Berrizbeitiak (Atxondo, 1978). Gabonetan, opariak egiteko hainbat enkargu izan zuen, gertuko jendearenak. Pozik dago hasiberri duen proiektuagaz.

Zelan sortu zen i.b.soaps proiektua?
Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak. Era guztietakoak. Bada, Instagram kontua zabaldu nuen makillaje bereziei buruzko kontu batek erakarrita. Kasualitatez sartu eta sareetan dagoen mundua ezagutu nuen. Konfinamenduan denbora izan nuen eskulan mordoa egiteko, eta alabek animatuta egindako lanak sareetan zabaltzen hasi nintzen. Orduan eman nituen lehenengo pausoak.

Orain, xaboi naturalak eta ukenduak egiten dituzu.
Bai. Hainbeste gel hidroalkoholiko erabili ondoren, eskuak guztiz gorritzen zitzaizkidan. Bada, Interneten, produktu naturalak begiratzen hasi nintzen, informazioa batzen: xaboi naturalak zelan egiten diren, dauden aukerak... Informazio eta tutorial piloa dago. Ikastaroak ere bai. Ezagutzen ez nuen mundu bat aurkitu dut, eta konturatu naiz mundu hori izugarri gustatzen zaidala. Gero, ezpain-babesleekin hasi nintzen. Erromerozko eta kalendulazko ukenduak ere egiten ditut, hilean behin. Izan ere, erromeroak hilabete egon behar du oliotan, mazeratzen. Otsaileko sorta laster aterako dut. Ez ditut asko ateratzen, eskariaren arabera joango naiz handitzen. Erromeroa kolpeetarako eta kontrakturetarako da ona, eta odol zirkulazioa aktibatzeko. Kalendula, azala hidratatzeko, erreduretarako eta orbanetarako.

Hala ere, proba asko egin behar dira.
Piloa! Ezpain-babesleak egiteko, adibidez, proba mordoa egin nuen, hasieran erraza zela pentsatu arren. Probak eginez, sentsazioak ikusiz... gustukoa duzun produktua lortu ondoren, hurrengoagaz hasten naiz, kate baten modukoa da.

Erraza da xaboiak egitea?
Glizerinazko xaboia egiten dut, errazagoa delako maneiatzeko eta joko handia (koloreak, testura, usaina....) ematen duelako. Gainera, segituan erabili daitezke. Glizerina  solido neutroa urtu ondoren, olio esentzia naturalak, aukeratutako bedarrak... gehitzen dizkiot. Ez da gatxa xaboia egitea, baina zelako propietateak izatea gura duzun, halako osagaiak gehituko dizkiozu.

Zeinek du arrakastarik gehien?
Labanda usaindun xaboiak. Jendeari asko gustatzen zaio.

Zein erronka dituzu etorkizunerako?
Gorputzerako krema ere egin dut, hidratatzailea. Eta, orain, xanpu solidoetan murgildu naiz. Hor ere aukera asko dago, ile mota asko dago eta. Kandela jasangarriak  (ez daukate parafinarik) egiten ere hasi naiz, ontzi birziklatuak erabilita. Erabilitako olioagaz egiten ditut . Aurretik, olioa garbitzeko prozesua egiten dut. Erle argizariagaz, sojagaz... ere egin gura nituzke kandelak. Bestalde, eguzkitako krema egiten ere ahalegindu gura nuke.

Erronka potoloak dituzu aurretik.
Gauza asko ditut buruan. Hori bai,  neuk erabiltzeko sortzen ditut, gero, zelan doazen ikusita, zabaltzeko. Saltsa horretan ibili gura dut.

Noraino heldu gura zenuke proiektu honegaz?
Ez dut helburu zehatzik. Nik neuk erabiltzeko produktu naturalak egin gura ditut, eta gura duenarentzat eskaini. Bide honek nora eroango nauen ez dakit. Pausoak eman ahala joango naiz aurrera egiten.

Produktu naturalen mundu honek harrapatu egin zaitu. Geroago eta gehiago erakartzen gaituen mundua da?
Badago produktu naturalekiko joera duen jende multzo bat, eta ni neu harritu egin naiz zenbat gustatu zaidan ikusita. Produktu hauek naturarekiko jasangarriak dira, onuragarriak, eta geroago eta ezagunagoak direla uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!