Hirubideko biribilgunea egiteko proiektua da 2021eko aurrekontuetako inbertsio nagusia

Maialen Zuazubiskar 2020ko abe. 2a, 11:28

Gaur goizean egindako osoko bilkuran EAJren aldeko bozkagaz eta EH Bilduren abstentzioagaz onartu dituzte 2021eko udal aurrekontuak. 2.641.965 euroko aurrekontua izango du datorren urtean Atxondok, iazkoa baino %48 gehiago. "Pertsonei zuzendutako aurrekontuak dira. Gobernu taldetik argi daukagu une honetan gure helburu nagusiak atxondarrak direla", aitortu du Xabier Azkarate alkateak. 

Inbertsioetan diru atalik handiena Irubideko biribilgunea egin eta zeharbide berria egiteko lanek izango dute. Lan horiek burutzeko 791.843 euro bideratuko ditu udalak. "Atxondoren behar zaha hau errealitate bihurtzea lortu dugu. Proiektu hori benetan garrantzitsua da udalerriko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko", adierazi du ohar bidez Xabier Azkarate alkateak.

Proiektu horrez gain, beste hainbat lan ere egitea aurreikusi ditu udalak. 80.000 euro igerilekuen instalazioak hobetzera bideratuko dituzte, liburutegi ondoan Pump Truck parkea sortzeko 50.000 euro eta Barraskiko urbanizazioa egokitzeko 40.000 euro bideratuko dituzte, besteak beste. "Azken urteetan igerilekuetako instalazioak gaizki ustiatu eta mantendu direnez, 80.000 euroko partida zuzendu beharko da. Horrez gain, EH Bilduk agintzen zuen garaian sinatutako hitzarmen baten ondorioz, orain Barraskiko urbanizazioan 40.000 euroko inbertsioak egin behar ditugu", azpimarratu du Azkaratek.

Bestalde, aurtengo aurrekontuetan gazteria udal arduradunen ardatz nagusietako bat izango dela jakitera eman dute Atxondoko Udaleko kideek, eta horretarako aurrekontuetan 110.000 euroko diru partida gordeko dutela azaldu dute, Haurreskolako obra egiteko zehazki. Horrez gain, nagusien elkartearekin hitzarmen bat sinatu dutela azaldu dute, eta Jubilatuen Etxea birgaitzeko 20.000 euro bideratu dituztela.

EH BIlduren abstentzioa
Atxondoko EH Bilduko kideak abstenitu egin dira aurrekontuetan."Edukietan sartuta ez dugu kexarik. Baina ez gaude ados prozesu partehartzaileagaz", esan du Ane Intxausti EH Bilduko bozeramaileak. Gobernu taldeak postontzia bat jarri zuen abuztuan eta irailean herritarren ekarpenak jasotzeko.  "Ez dakigu buzoian zer sartu den ere ez, eta herritarrek ere ezin izan dituzte proposamen horiek aukeratu. Gure ustez, herriko taldeegaz batu beharko litzateke eta auzoetara joan eta zer premia duten galdetu", esan du Jorge Jauregi EH Bilduko kideak. Talde subiranistako kideek "transparentzia falta" ikusten dutela adierazi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!