Axpeko jolas parkea berriztuko du Atxondoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 30a, 13:31

Udalak jakitera eman duenez, aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek erabaki dute Axpeko jolasgunea berritzea. Atxondoko Udalak 30.000 euro bideratuko ditu aurrekontu parte-hartzaileetara.

Abuztuan udalak bigarren aurrekontu parte-hartzaileen prozesua zabaldu zuen, eta hogei proposamen jaso zituzten. Udaletik azaldu dutenez, Axpeko haurren jolasgunea hobetuko dituzte, bideragarritasun tekniko eta juridikoa berrikusita. "Egia da haurren jolasgune honek denboraren poderioz okerrera egin duela, beraz, beharrezko hobekuntzak egingo ditugu, auzotarren eskariari erantzunez", azaldu du Xabier Azkarate alkateak. 

Bestalde, proposamenen artean, skate park bat eta estalitako parke bat sortzea ere eskatzen dela azaldu dute. "Datorren urteko aurrekontuetan Pump Truck parkearen sorrera sartu dugu liburutegiaren ondoan, eta laster eskoletako jolasgunea ere estaliko da", jarraitu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!