Atxondoko Ikasleen Guraso Elkarteko kideek 2021eko aurrekontuetan beraien eskariak kontutan hartzeko eskatu diote udalari

Anboto 2020ko aza. 24a, 09:00

Atxondoko Ikasleen Guraso Elkarteak prentsa oharra bidali du zenbait zehaztapen egin eta udalari eskari bat egiteko. "Hurrengo urteko aurrekontuetan gure eskariak kontutan izan ditzan eskatzen diogu Atxondoko Udalari", azaldu dute. 

"Gure izena azkenengo albisteetan irten denez, gauza batzuk ditugu argitzeko", horrela hasi dute prentsa oharra guraso elkarteko kideek. Oharrean azaldu dutenez, Atxondoko Udalak "behin ere" ez die galdetu zeintzuk diren eskolak dituen beharrak, eta hauen hitzetan udala "beraien kabuz" dabil beharrak zehazten. "Guraso elkartearentzat bai eskolarentzat garrantzitsuena eta premia handiena duena, hainbat urtetan bueltaka gabiltzan eskolarako sukaldea eta haurreskola proiektua da. Badirudi 2021eko udan gauzatuko dela Hezkuntza Sailari dagokion eskola proiektua. Eta gure ustez, udaletxeari dagokion Haurreskoalren obra, honekin batera joan beharko litzateke", jarraitu dute gurasoek. 

Bestalde, irailean udalak eskolako txintxaunak estali zituela, baina aterpe horrek herrian eta eskolan dauden "haur parkeen gabeziak" ez dituela konpontzen azaldu dute. "Guraso elkartetik prozesu parte-hartzaile bat ireki nahi dugu. Eskola, herritar eta udaletxearekin batera, eskolako jolastokiaz eta ludoteka ondoan dagoen lursailaz baliatuz, gure jolastokiaren berrantolaketa proiektu bat sortu eta abian jarri nahi dugu. Beste herri batzuetan egiten dabiltzan bezala, tartean Elorrion eta Abadiñon". 

Horrez gain, igogailua ez dutela eskolarako beharrezko ikusten eta beraiek "inoiz ez dutela" eskolarako irisgarritasun hobetzeko proposamenik luzatu esan dute. "Gure ustez eskolak baditu beste lehentasun batzuk". 

Bukatzeko, herriko liburutegiak itxita jarraitzen duela, eta egungo egoeran liburutegia itxita egotea "ulertezina" dela salatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!