Errepidearen titulartasuna lortuta, Atxondoko Udalak biribilgunea egingo du Hirubideko bidegurutzean

Maialen Zuazubiskar 2020ko urr. 28a, 10:50

Cemosa paretik hasi eta Santa Katalina zubirainoko errepidearen, BI-632 errepidearen, titulartasuna eskuratu berri du Atxondoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmen bati eskerrak. Behin lankidetza hitzarmena sinatuta, Atxondoko Udalak Hirubideko bidegurutzean biribilgunea egiteari ekingo dio. 

"Puntu hori arriskutsua izan da hainbat hamarkadatan herriko erdigunetik irten eta Abadiño eta Elorrio lotzen dituen bidean sartzeko", adierazi du Xabier Azkarate alkateak. Lanek  800.000 euroko aurrekontua dute eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diruagaz egingo dituzte.

"Herria hipotekatu"
EH Bilduko zinegotziak ez ziren ados agertu errepidearen titulartasuna aldatzeagaz. "Ados gaude herriko sarrera eta irteerak hobetzeagaz, baina ez gaude ados titulartasuna aldatzeagaz. Gure ustez, erabaki horrek herria hipotekatzea ekarri lezake", adierazi zuen Ane Intxausti EH Bilduren bozeramaileak joan zen asteko bilkuran. Intxaustiri Gorka Garate jeltzaleak erantzun zion: "Ez da lehenengo aldia Atxondon errepide baten titulartasun aldaketa bat egiten dena, aurretik ere egin izan da. Axpeko errepideagaz ere berdina egin zen. Gainera, alternatiba eskasa geneukan", esan zuen EAJko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!