“Lumagorriekin aritzeak naturagaz hartu-eman handiagoa ekarri dit”

Maialen Zuazubiskar 2020ko urr. 19a, 08:48

Hezkuntzan 11 urtean lan egin eta gero, aldaketa bat behar zuela igarri zuen Garazi Magunagoitia atxondarrak. Ordurartekoa alde batera utzi eta familiako negozioan buru-belarri sartuta dabil. Gaur egun, egunero, 2.600 txita gobernatzen ditu Arrazolan (Atxondo) duten ustiategian.

Azken urteetako lana alde batera utzi eta lehenengo sektorera pasatu zara. Zer dela-eta hartu duzu erabakia?
Amak lumagorri oilaskoak hazten ditu eta beti ibili izan naiz bere inguruan. Orain arte hezkuntzan ibili naiz lanean, eta ezin izan diot nahikoa denbora eskaini oilaskoen negozioari. Baina iaz deskantsu bat behar nuela sentitu nuen eta hezkuntzako lana uztea erabaki nuen. Ordutik hona denbora gehiago eskaini diet etxean ditugun lumagorri oilaskoei.

Hezkuntzako lana uztea erabaki zenuenean, bazenuen asmorik familiako negozioa hartzeko?
Banekien aukera hor zegoena, baina ez nuen espero amaren erreleboa hartzea. Oraindino prozesu batean murgilduta gaude, gurasoak aurrerantz doaz eta apurka-apurka ardurak hartzen hasi gara. Nik txiten ardura hartu dut eta Maialenek, ahizpak, administrazioko kontuekin laguntzen dit.

Gainera, oso gustura egiten dudan lana da eta aukera ematen dit beste afizio batzuetarako. Gure lan prozesua hiru hileka antolatzen da. Hiru hilabetean ez dugu opor egunik izaten, txitei egunero eman behar zaie jaten eta. Hiru hilero aste bi hartzen ditugu dena desinfektatu eta garbitzeko. Dena ondo antolatuz gero, astebete jai hartzeko aukera egoten da. Horrez gainera, ordutegia oso malgua da eta norberak moldatu dezake. Esaterako, satsik atera behar ez dugunean lau orduko lanegunak izaten ditugu asko jota.

Zer suposatzen du Garazi Magunagoitiarentzat lan honek?
Lumagorriekin aritzeak naturagaz hartu-eman handiagoa ekarri dit. Baita bizitzeko euskarri bat eta familiagaz beste lotura bat izatea ere.

Zuek bigarren belaunaldia zarete. Zelakoa izaten ari da trantsizioa?
Trantsizioa ez da erraza. Azkenean amak hainbat urte daramatza honetan eta eurek euren ohiturak dituzte. Askotan esaten diet hanka-sartzeak normalak direla halako trantsizioetan. Sarritan kosta egiten da, azkenean belaunaldien arteko talka dago eta onartu egin behar da.

Zergaitik kontsumitu beharko genituzke lumagorri oilaskoak?
Astiro eta patxadaz hazitako produktuak direlako, zikinik bakoak. Nire ustez, astiro hazitako denak beste balio bat du. Askotan jendeak ez ditu produktu hauek kontsumitzen beste batzuk baino garestiagoak direlako, baina galdetzen diogu geure buruari merkea den hori zergaitik den merkea? Ez.

Zerbait gehitu gura zenuke?
Bere bizimoduagaz gustura ez dagoenari aldatzeko gonbidapena egingo nioke. Bizitzan arriskatu egin behar da. Aldaketak, normalean, onerako izaten dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!