Igerilekua "inoiz ikusi duguna baino zikinagoa" egon dela salatu dute Atxondoko hainbat familiek

Anboto 2020ko urr. 16a, 11:39

Atxondoko hainbat familia batzen dituen taldeak igerilekuen inguruko ohar bat idatzi du udalak egindako balorazioarekin "harrituta". Horrez gain, igerileku denboraldian hainbat kexa jarri dituztela esan dute. 

"Covid-19aren aitzakiarekin, herriko langabetuak kontratatu beharrean, kanpoko enpresa bat kontratatu zuen udalak igerilekurako, ustez segurtasun neurriak betetzeko tresna gehiago izango zituelakoan", adierazi dute taldeko kideek. Baina hauen hitzetan, igerilekuak "inoiz ikusi duguna baino zikinago" egon dira. "Uda guztian zehar ura zikina egon da;  denboraldi bukaeran agerikoa zen igerilekuak asteak zeramatzala garbitu gabe, dena lizunez beteta zegoen; komunak egunean behin bakarrik garbitzen ziren, ireki aurretik, beraz eguna aurrera joan ahala, beraien egoera gero eta okerragoa zen...", jarraitu dute. Bestalde, eguerdian igerilekuak desinfektatzeko tartean, "ezer ez" zela "garbitzen edo desinfektatzen" kritikatu dute.

Hori ikusita datorren urtera begira enpresa bat kontratatu beharrean ohiko kudeaketara itzuli eta herriko langabetuak kontratatzeko eskaria egin diete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!