“Lotsak argazki on bat ateratzea oztopatu dit behin baino gehiagotan”

Aitziber Basauri 2020ko urr. 11a, 11:00

Ane Bernas Irazabalek (1990) ANBOTOk antolatutako udako argazki lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi du Durangaldeko kategorian, 'Oinak lurretik aske, deslai!' argazkiagaz. Ilunabarraren babesean, Udalatxera bidean ateratako irudia da saritutakoa. Atxondarrak sorpresagaz hartu du saria.

Zer islatu gura izan duzu 'Oinak lurretik aske, deslai!' argazkian? Zein  istorio dago irudi horren atzean?
Laguntasuna. Goizaldean, hiru lagunek egindako ibilaldian ateratakoa da. Lagun on bat da argazkian agertzen dena. Bada, esangura berezia du argazkiak niretzat. Argazkigintza mendiagaz uztartuz, lagun artean gainera, horrek sentiarazten didan askatasuna da argazkiak islatu gura duena.

Une oro argazkiak ateratzen ibiltzen den horietarikoa zara?
Bai! (barrez). Apur bat gogaikarria naizela esan dit batek baino gehiagok. Familian edo lagun artean gaudenean gustatzen zait argazkiak ateratzea, momentu horretako oroimena izateko.

Konfinamenduak iraun zuen bitartean, egunero argazki bat ateratzeko erronkari heldu zenion.
Bai! Hasieran 15 eguneko kontua izan behar zuen arren, azkenean 83 egun zenbatu ditugu. Egun bakoitzeko argazki bat dut. Itxialdia eramaten lagundu zidan, egunero betebehar hori ipini nion neure buruari. Irudimenari buelta bat emate horrek asko lagundu dit, makina bat momentu harrapatzeko aukera eman dit. Esan behar dut bikotekideak eta biok Arrazolan bete genuela konfinamendua, nire gurasoen etxean. Album bat osatu gura dut, xelebrea izango da hemendik urte batzuetara argazki horiek ikustea.

Zein hartu-eman duzu argazkigintzagaz? Zelan sortu zen?
Izeba Tere, batez ere, eta lehengusua argazki-kameragaz ikusi izan ditut beti. Izebak argazkiz betetako makina bat album ditu. Izugarria da. Joera handia izan du argazkiak ateratzeko, eta atentzioa eman dit beti. 7-8 urte nituela, gurasoek kamera oparitu zidaten, izugarria izan zen niretzat. Gogaikarri samarra izango nintzen, eta erosi egin behar! (barrez). Orain mugikorragaz ateratzen ditut argazkiak, baina argazki-kamera hartu gura dut.

Zerk erakartzen zaitu gehien argazkiak ateratzeko orduan?
Faktore askok eragiten dute: momentua, pertsonak, paisaiak... Edozein momentu edo toki izan daiteke ona argazki bat ateratzeko.Hala ere, lotsak argazki on bat ateratzeko aukera oztopatu dit baten baino gehiagotan. Horri aurre egin behar diot. Haurdunaldiari argazkiak ateratzea ere asko gustatzen zait. Sareetan jarraitzen ditut mota horretako argazkiak.

Jarraituko duzu argazkigintzan?
Bai, badut zer ikasi oraindino, eta asko ikastea espero dut. Gogoz nago. Argazki-kamerak ematen dituen  aukera guztiak aprobetxatzen ikasi gura nuke, perpesktibagaz eta argiagaz jokatzeko ezinbestekoa da.

Zer behar du argazki on batek?
Argia ondo erabiltzea, oreka topatzea. Horretan ahalegintzen naiz.

Esango zeniguke Durangaldeko txoko egokiren bat argazki bat ateratzeko?
Atxondo ingurua. Horrelako inguru batean, argazkiaren erdia eginda dago. Egunsentia ateratzeko, Udalatxera joan gaitezke; Alluitzera ilunabarra ateratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!