Hainbat atxondar kexu dira azken hileotan ez dutelako sarri medikurik izan

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 28a, 08:33

Atxondoko hainbat herritar kexu dira azken hileotan ez dutelako "sarritan" medikurik izan Apatamonasterioko Osasun Zentroan. "Osasun Zentrora deitu eta medikua ez dagoela esaten ziguten. Larrialdiren bat izanez gero, beste zentro batera bideratzen gintuzten", jakinarazi dute herritar batzuek.

ANBOTOk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz berba egin du, gaia zelan dagoen jakiteko asmoz. Eta Osasun Sailak baieztatu egin du Atxondoko kontsulta medikoa itxita egon dela udako egun batzuetan. Hala ere, osasun-arreta urgentea eta atzeraezina "uneoro ziurtatuta" egon dela azaldu dute. "Urgentziazko kontuak, egunean bertan arreta behar izan dutenak, Matienako Osasun Zentrora edo Elorriokora bideratu ditugu", azaldu dute. Herritarrentzat lekuz aldatu behar izatea "eragozpena" dela aitortu dute, baina zentroen artean dagoen distantzia "txikia" dela ere esan dute Osasun Sailetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!