2021ean Hirubiden biribilgunea egitea gura du Atxondoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 13a, 11:18

Irailean Atxondoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa sinatuko dutela jakitera eman du udalak. Lanak 2021ean burutuko dira eta 800.000 euroko aurrekontua izango dute. 

Abadiño-Elorrio tartean,BI-632 errepidean, birbilgune bat eraikitzeko lehenengo pausoa emango du Atxondoko Udalak. Irailean emango dute pauso hori eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz akordioa sinatuko dute. Behin hori sinatuta, 2021ean lanekin hastea gura dutela azaldu dute. 

"Hirubide izeneko puntu hori arriskutsua izan da hainbat hamarkadatan herriko hirigunetik irten eta Abadiño eta Elorrio lotzen dituen bidean sartzeko. Gobernu-taldera iritsi zenetik, Xabier Azkarate alkateak elkarrizketak izan ditu foru-erakundearekin, lan horiek egin ahal izateko", esan dute udaletik. 

Biribilgunea egiteaz gain, Cemosa enpresatik Santa Katalina zubira arteko errepidea, zeharbide bihurtuko dutela esan dute. Horrekin errepide hori atxondarrentzat "leku atseginago eta seguruago bat" izango da. 

Lanek 800.000 euroko aurrekontua izango dute eta Foru Aldundiak egingo du inbertsioa. "Albiste oso positiboa da, hainbeste urtez eskatutako biribilgunea, hilabete batzuk barru eraikiko da, eta horrekin udalerriari sarbide seguruagoak emango zaizkio", esan du Azkaratek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!