Eguenean irekiko dituzte Atxondoko igerilekuak

Maialen Zuazubiskar 2020ko uzt. 7a, 13:29

Udalak ireki berri duen webgune baten bitartez hitzordua hartu beharko da. Erreserba kopuruaren arabera, txanda bakarra edo bi txanda egongo dira. Bakarra egonez gero, 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik igerilekua. Bi txanda egonez gero, 11:00etatik 15:00etara eta 15:30etik 20:00etara. 

Atxondoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, eguenean zabalduko dituzte Apatamonasterioko igerilekuak. Ohi baino beranduago, baina erabiltzaileak ahalik eta modu seguruenean egoteko instalazioak prestatu ostean, zabalduko ditu ateak igerilekuak. Igerilekuak pasaden astean irekitzea aurreikusten zuten arren, "behin hartu beharreko neurri guztiak hartuta", ateak uztailaren 9an zabalduko dituela jakitera eman dute. "Igerilekuez gozatzeko dagoen gogoa ulertzen dugu, baina osasun neurriekin arduratsuak izan behar dugu. Horregatik, irekiera atzeratu dugu, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea baita helburu nagusia", azpimarratu du Xabier Azkarate alkateak.

Hainbat neurri
Igerilekuak hainbat neurrirekin zabalduko dituzte. Berdegunean 250 lagunentzako edukiera egongo da eta uretan 100  lagun egon ahal izango dira. Aldagelak irekita egongo dira, baina ahalik eta gutxien erabiltzea gomendatzen da, eta takilen erabilera ere mugatua izango da. Horrez gain, seinalizazio-geziak eta gel desinfektatzailea jarri dituzte, besteak beste. 

Erreserbak webgunetik
Bestalde erreserbak www.atxondokoigerilekua.com web orriaren bitartez egin beharko direla jakitera eman dute. Erabiltzaileek bi egun lehenago hitzordua hartzeko aukera izango dute, eta erreserba baliogabetu gura badute ordubete lehenago egiteko aukera egongo da. "Ezohiko egoeran gaude, eta, batez ere, osasun protokoloekin kontuz ibili behar dugu uda honetan Atxondoko igerilekuak erabiltzen dituztenen ongizatea uneoro bermatuz", adierazi du alkateak. 

Horrez gain,  herrian erroldatuta daudenek, bonua, iaz baino % 50 gutxiago ordainduko dutela jakitera eman dute. Bonuak udaletxean, igerilekuetan edo web orrian egin ahal izango dira. Eguneko erreserbak egitea ere posible izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!