Diru pixka bat aurreztuta, atxondoarrek herriko dendak eta tabernak bultzatzeko aukera izango dute hurrengo astetik aurrera. Udalak 5 euroko deskontu-bonuak ipiniko ditu herritarren esku. Astelehenetik aurrera lortu ahalko dira udaletxera bertara jota. Bonuak eskuragarri egongo dira agortu arte, eta urte bukaerara arte baliatu ahalko dira. Herritar bakoitzak bi bonu hartu ahalko ditu gehienez.
Udalak 8.000 euroko diru-partidagaz lagunduko ditu deskontu-bonuak. Atxondoko komertzioetan 10 eurotik gorako erosketa egiten duenak, 5 euroko deskontua jasoko du. Atxondoko Udalak "ezinbestekotzat" jo du herriko komertzioak laguntzea. "Herriko denda eta negozio txiki guztiei lagundu nahi diegu, bertako kontsumoa sustatu, ekonomia suspertu eta, aldi berean, herritarrei deskontu-bonu hauekin lagunduko diegu ere", azaldu du Xabier Azkarate alkateak.
Honako hauek dira kanpainan parte hartuko duten Atxondoko komertzio eta tabernak: Martxel harategia, La Kompra, Atxondo kioskoa, Aitzpe, Asun Ileapaindegia, Alboan Psiko Gunea, Arrieta Farmazia, Oihana Kiromasajea. Olazabal Azpikoa taberna, Biezko Baserria, Gazte Leku, Penalty, Itziar, Amillena eta Tope.