Jendetza batu da Atxondon AHTrik ez dutela gura aldarrikatzeko

Anboto 2020ko mai. 24a, 15:01

Jendetza bildu da Atxondon Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioan. "Herri bizi bat nahi dugu, kutsadura gabea, osasuntsu, landa eremuekin eta elkarte biziekin" adierazi dute deitzaileek mobilizazioaren amaieran.

Beste behin, Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurka jendetza bildu da Atxondon. Berriki bota duten maisuen etxea bereziki gogoan eduki dute manifestazio amaieran. Horrez gainera, EAJren politikekin kritiko agertu dira. "Bizi dugun garaia ere kontutan harzekoa da, osasuna jokoan dagoen honetan, porlanez betetzen zaie ahoa komunikabideetan agertzen diren agintari horiei, gezurra bata bestearen atzean esanez; herritarren dirua, gu guztion dirua, osasunera bideratzea exigitzen dugu". 

Proiektuarekiko desadostasuna agertzeaz gainera, Atxondoko Udalari "herriari entzuteko" eskatu diote. "Atxondok ez du AHTrik nahi eta herriari entzun eta ezkutatu gabe aurpegia eman, zuen diru goseak galtzen zaituzte eta!".

'Orain Ardura' manifestua
Hego Euskal Herriko hainbat eragilek sinatu duten Orain Ardura manifesua aurkeztu dute, baita ere. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako eragile ugarik bat egin dute AHTren aurrekontu eta inbertsioak garraio publiko edota politika sozialetara bideratzea eskatzeko. "Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiten lagunduko dio, oso egoera latzak utziko baititu". Maiatzaren 26an, 10:30ean, Bilboko udaletxe pareko plazara gerturatzeko deialdia luzatu dute, baita ere. 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!