Atxondon San Juan eta San Pedro jaiak bertan behera utzi dituzte

Anboto 2020ko mai. 16a, 15:47

Aurrerago jai-ekitaldiren bat antolatzeko aukera aztertuko dute udalak eta antolatzaileek.

Osasun krisialdia kontutan izanda, ekaineko Axpe auzoko San Juan jaiak eta Apatako San Pedro jaiak bertan behera uztea erabaki du Atxondoko Udalak. "Apurka-apurka normaltasuna berreskuratzen joan gaitezkeela dirudien arren, zuhurrak eta arduratsuak izan behar dugu, eta segurtasun eta distantzia sozialeko neurriak ahalik eta gehien zaintzen jarraitu behar dugu, jende gehiago bil daitekeen ekitaldiak saihestuz", adierazi du Xabier Azkarate alkateak, udaletik bidalitako ohar batean. Era berean eta egoera normalizatzen denean, antolatzaileekin batera jai-ekitaldiren bat egiteko aukera aztertuko dela adierazi dute udal arduradunek.

Momentuz, uztaileko Santixako jaien eta abuztuko Arrazolakoen gainean ez da ezer erabaki. Momentuz, "mantendu" egiten direla adierazi dute, baina "osasun egoerak une bakoitzean duen bilakaeraren araberakoa izango da azkenengo erabakia".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!