2019an izandako 700.000 euroko gerakinarekin osasun krisiari "aurre egiteko gai" izango direla jakitera eman du Atxondoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 12a, 15:00

Ezohiko osoko bilkura ospatu zen atzo Atxondon. Bertan, 2019ko aurrekontu-likidazioaren berri eman zuten, eta 2019a 700.000 euroko gerakinarekin itxi zutela jakitera eman zuen udalak. 

Atzo ezohiko bilkura egin zuten Atxondon, eta bertan udalaren egoera ekonomikoa ona zela jakitera eman zuten. "700.000 euro baino gehiagoko gerakinarekin itxi dugu ekitaldia. Parte handi bat aurtengo inbertsioetarako konprometituta dagoen arren,  zalantzarik gabe, egoera ekonomiko honek osasun krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiten lagunduko digu ", adierazi zuen Xabier Azkarate alkateak.

Horrez gain, enplegua sustatzen jarraitu asmoz, lanpostuen zerrendan aldaketa bat egitea onartu zuten. Orain arte, lanaldi erdikoa zen lanpostu bat lanaldi osora pasatzea erabaki zuten. Hori horrela, liburutegiko lanpostuari bake-epaitegiko lanpostua gehituko diote, eta horrela lanaldi osoa izango du langileak."Lanpostuak hobetzeko eta, aldi berean, udalean genuen gabezia gainditzeko aukera ematen digu aldaketa honek", esan zuen alkateak. .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!