Atxondoko Udala "gezurretan" dabilela salatu dute AHTak kaltetutako lurjabe batzuek

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 27a, 15:46

Atxondoko Maria Luisa, Itziar eta Juan Mari Eguren anai-arreben lurretatik Abiadura Handiko Trena igarotzeko proiektua dago; dagoeneko beraien lurretan hasi dira lanean langileak. Familiako kideak "haserre" daude Atxondoko Udala izaten ari den jarrerarekin, eta "gezurretan" ari direla salatu dute. 

Xabier Azkarate Atxondoko alkateak egindako adierazpenek Eguren familiako hiru neba-arrebak sutu ditu. Ohar bidez, Azkaratek "uneoro herritarrekin bildu" dela "hala eskatu duenarekin", eta bere ateak "nahi duten auzotar guztientzat beti" zabalik egongo direla esan zuen atzo. "Gezurra bata bestearen atzetik esaten dabiltza, guk,  AHTak kaltetutako lurjabe bezala ez dugu horrelakorik jaso", esan dute Eguren familiako kideek. 

ANBOTOri jakitera eman diotenez, urriaren 4an idatzizko lehenengo eskaera formala aurkeztu zuten udalean. Baina denbora aurrera zihoala ikusita eta dagoeneko beraien "lurrak hartu" dituztela jakinda apirilaren 17an beste kaltetu batzuekin batera bigarren eskari bat aurkeztu zuten udaletxean. "Oraindik ez dugu erantzun formalik jaso ezta bilerarik egiteko deirik ere ez", jarraitu dute. 

Horrez gain, hainbat bider udaletxera deitu dutela jakitera eman dute Egurendarrek, eta "oso zaila" egiten zaiela alkatearekin hitz egitea. "Askotan alkateak informazioa gordetzen digu. Ez al daukagu eskubiderik herritar eta kaltetu bezala gure herri eta zelaietan zer txikizio gertatuko den jakiteko?", bukatu dute kaltetuek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!