Martxoaren 29an Atxondon AHTren kontra egingo duten manifestazioagaz bat egiteko deia egin dute

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 10a, 20:06

Dozenaka herritar batu dira gaur arratsaldean Atxondoko Herri Eskolan egin duten prentsaurrekoan. Martxoaren 29rako antolatu duten manifestaziora joateko deia egin diete atxondarrei eta inguruko herrietako herritarrei.

Martxoaren 29ko manifestaziora dei egiteko eta azken asteotako lanak salatzeko prentsaurrekoa eman dute gaur Atxondoko AHTrik Ez plataformako kideek. "Hasi dira Atxondoko zein inguruko herrietako lurrak porlanez betetzera datozen Abiadura Handiko Trenaren obrak. Azken egunotan agertu diren markek ikustaratzen digute triskantza abiadura handian datorrela Atxondora, eta herri erdigunera sartzeko asmoa berehala gauzatu nahi dutela", salatu dute plataformako kideek. 

Atxondotik, 1.754 metroko luzera izango duen zubi bat igaroko da, Apatamonasteriotik hain zuzen ere, eta zutaberik altuenak 85 bat metro izango ditu. "Proiektu hau garapena dela diote, baina herritarrak zorpetuko gaituen zentzu gabeko markoproiektua da. Enpresa jakin batzuen interes ekonomikoetara eta gure herri eta lurren kalterako izango dena", esan dute. Bestalde, prentsaurrekoan duela 12 urte egindako herri galdekata Atxondoarrak AHTren kontra daudela "argi" gelditu zela gogorazi dute. 

Bestalde, udal gobernua "izaten ari den jarrera" kritikatu dute. "Jarrera penagarria izaten ari dira. Desinformazioaz jokatzen ari dira, ez dute egiten ari diren obren inguruan herritarrok ezer jakiterik nahi. Obren inguruko informazio eskaeren aurrean udala isilik dago", esan dute. 

Guzti horregatik, eta beste hainbat arrazoirengatik atxondarrei eta inguruko herrietako herritarrei martxoaren 29rako antolatu duten manifestaziora bertaratzeko deia egin diete.  "Trena gelditzea posible da, beraz, deia luzatzen diegu norbanako, herri eragile, sindikatu eta erakundeei borroka honetan elkarrekin ekiteko. Durangaldeak ez dio alfonbra gorririk jarriko ez ADIF-i ezta herria suntsitzera etorri diren enpresei ere", bukatu dute. Manifestazioa 12:30ean hasiko da Apatamonasterioko plazatik . Ostean,  Arrazolako Amillenan 'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala ikusteko aukera egongo da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!