Ertzaintzak Atxondon zauritutako mendiko txirrindulari bat erreskatatu du

Joseba Derteano 2019ko abe. 8a, 19:04

Ertzaintzaren lur orotako ibilgailu batek mendiko txirrindulari bat erreskatatu du gaur, 13.20 inguruan, Atxondon, Betsaide aldean, kirola egiten ari zela min hartuta. Kirolariak une batez konortea galdu du erori denean.

Gertatutakoaren berri izan duenean, SOS Deiak 112 zerbitzuak Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko dotazio bat bidali ditu bertara, bai eta Durangoko Ertzain-etxeko landa-patruila bat ere. Horrez gainera, Osakidetzaren anbulantzia medikalizatu bat ere hurbildu da.

Azkenean, eta egoera eta lagun batekin zegoen kirolaria non zegoen ikusita, Durangoko Ertzain-etxeko landa-patruila hurbildu da txirrindularia zegoen lekura anbulantziatik material medikoa eta osasun-langile bat hartuta, eta menditik anbulantzia zegoen lekura eraman du.

Zaurituari, Zaldibarko 44 urteko bizilagunari, anbulantzian eman diote lehen laguntza, eta, ondoren, Galdakaoko ospitalera eraman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!