325.000 euro bideratuko ditu Atxondoko Udalak Euskal Herria kalea berrurbanizatzeko

Maialen Zuazubiskar 2019ko abe. 4a, 10:04

Atzo goizean egindako osoko bilkuran EAJren aldeko bozkagaz eta EH Bilduren abstentzioagaz onartu zituzten 2020ko udal aurrekontuak. 1.780.763 euroko aurrekontua izango du datorren urtean Atxondok, iazkoa baino %5,29 gutxiago. 

Inbertsioetan diru atalik handiena Euskal Herria kalea berrurbanizatzeko lanek izango dute. Lan horiek burutzeko 325.000 euro bideratuko ditu udalak. Lanen helburua Euskal Herria kalea berrurbanizatzea eta kale horretatik elizara igogailua jartzea izango dira. 

Proiektu horrez gain, beste hainbat lan ere egitea aurreikusi du udalak. Tartean, hilerriko irisgarritasuna, haurreskolako lanak, udaletxeko plazako lanak, jubilatuen etxeko egokitzapena, besteak beste. "Aurrekontuak egiteko zuhurtziaz jokatu dugu, eta atxondoarren bizi kalitatea hobetzeko pentsatuta daude. Gainera, lehenengoz onartu dira aurrekontuak urtea amaitu baino lehen", nabarmendu du ohar bidez Xabier Azkarate herriko alkateak.

Osoko bilkuran, berriz, Ane Intxausti EH Bilduko bozeramaileak, oro har, aurrekontuekin ados daudela adierazi zuen, eta aurreko urtekoen "antz handia" dutela. Hala ere, aurrekontu batzuk onartzeko batzar bat ez dela nahiko adierazi zuen. "Eskatu dugu beste batzar bat egitea, baina ukatu egin zaigu eta ez dakigu zergatik", jarraitu zuen Intxaustik. Bestalde, aurrekontuak onartzeko aldaketa bi egitea ezinbestekoa zela esan zuen EH Bildukoak. "Uste dugu ezinbestekoa dela AHTko kaltetuentzat adituez osatutako asesoria tekniko bat egotea, baita Urkuzuko proiekturako diru partidatxo bat ezartzea ere". 

EH Bilduko kideei erantzunez, asesoria ematen jarraituko dutela adierazi zuen Gorka Garate alkate ordeak, hala ere, ez zela orain arteko "berdina" izango esan zuen. Bestalde, AHTak eta Urkuzuk partida zehatz bat izango ez duten arren, diru atal bat izango dutela eta herritar guztiei asistentzia bat ematea "bermatuta" egongo dela azaldu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!