AHTa pasako den inguruetatik mendi martxa egingo dute zapatuan Atxondon

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 5a, 10:10

Atxondoko AHTren aurkako asanbladak mendi martxa eta bertso bazkaria antolatu ditu.

Atxondoko AHTaren aurkako asanbladak mendi martxa antolatu du zapaturako, 10:00etan hasiko da plazan. Asanbladako kideek jakitera eman dutenez, AHTaren ibilbidea zeharkatuko duen ibilbidea egingo dute, Abadiñoko mugara arte helduz. Gainera, ibilbidean zehar azalpen teknikoak emango dituzte. Ibilaldiari amaiera, berriz, Apatako maisu-maistra etxean emango diote. "AHTak apurtuko duen etxean emango diogu amaiera ekitaldi xumeari", esan dute asanbladakoek. 

Ostean, berriz, eskualdeko bertsolariekin bertso bazkaria egingo dute frontoian. Bazkarirako txartelak azaroaren 7ra arte egongo dira salgai 10 euroren truke ondorengo tokietan: Atxondon (Taberna Txikin eta Amillenan), Abadiñon (Abarketeruenan), Elorrion (Portalekuan) eta Durangon (Intxaurren). 

Ekimenean batuko duten diruarekin AHTren mugimendua indartuko dutela, eta gainera, etorkizunean etorri daitezkeen gastu juridikoei aurre egitea gura dutela azaldu dute. 

Ganboko obretako panela berriztu
Bestalde, joan zen eguenean Ganboko obretako lorategian zegoen AHTren kontrako panela berriztu eta berriro bertan jarri zuten AHTren aurkako asanbladak. Ekintza horren asmoa, herritarrei mendi martxa dei egitea izan zela esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!