“Inork ere ez zuen gugatik ezer ematen, eta, azkenean, txapela etxera ekarri dugu”

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 26a, 10:20
Ezkerrean Mikel Madariaga eta eskuman Josu Eguren

Josu Eguren pilotari atxondarrak Basaurin jokatutako Euskal Kopa irabazi du asteburuan, Mikel Madariaga bikotekideagaz. Egurenek aurrerapauso bat eman du denboraldi honetan, eta sasoi onean dagoela erakutsi du beste behin ere.

Partidu borrokatu baten ondoren, Euskadiko Kopa irabaztea lortu duzu Mikel Madariaga bikotekideagaz. Pozik zaude lortutakoagaz?
Oso pozik, oraindino sinistu ezinda. Horrelako txapelketa batean norberaren izena agertzea berezia da. Gainera, inork ere ez zuen gugatik ezer ematen, eta, azkenean, txapela etxera ekarri dugu.

Zelan joan zen partidua?
Oso partidu gogorra eta borrokatua izan zen. Galtzen hasi ginen, eta 15-9 ere joan ginen, baina partiduari buelta eman eta berdintzea lortu genuen. Hortik aurrera, dena hobera joan zen. Pilota aldatzea erabaki genuen, eta tantoak egiten hasi eta 22ra heldu ginen.

Inork ere ez zuela zuengatik ezer ematen diozu. Ez zen itxarondako emaitza izan?
Inork ere ez zuen itxaroten guk irabaztea. Hasiera hasieratik, eurak ziren faborito. Teorian, Gipuzkoako bikotea gu baino gehiago zen, baita aurrez egindako txapelketa kontuan hartuta ere. Gainera, Madariagak eta biok txapelketa honetan jokatu dugu lehenengoz elkarregaz, eta bagenituen zalantzatxo batzuk ea zelan moldatuko ginen.

Frontoian bikote lez ondo moldatzen zaretela erakutsi zenuten.
Lehenengo partidua apur bat arraroa izan zen. Frontoia oso zikin zegoen eta laban egiten zuen. Orduan, oso zaila izan zen elkarregaz zelan moldatzen ginen ikustea. Hala ere, finalean oso ondo aritu ginen. Esan behar dut niretzat partidua oso berezia izan zela, inoiz ez baitut Mikelen moduko pilotari bategaz jokatu, eta plazer itzela izan da. Nik altxatu ezin nituen pilotak berak altxatzen zituen, eta erosoago jokatzen hasi nintzen. Horrek lasaitasuna ematen du.

Lortu berri duzun txapela zure kirol ibilbideko garrantzitsuenetarikoa dela esan daiteke?
Bai. Orain hilabete, bigarren urtez jarraian, Bizkaiko banakako txapelketa irabaztea lortu nuen eta, horregaz batera, dudarik barik, lortu dudan txapelik garrantzitsuena izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!