XII. Anboto Kilometro Bertikala jokatuko da zapatuan, modalitatean dauden korrikalaririk onenetarikoekin

Joseba Derteano 2019ko urr. 3a, 16:30

Anboto Kilometro Bertikalak 12. aldia egingo du zapatuan. Modalitateko onenetakoak batuko ditu aurten ere, batez ere, emakumeetan.

Aurten, 230 korrikalarik parte hartuko dute, iaz baino 30 bat gutxiagok. Hala ere, goi mailako parte-hartzaileak batuko dira.Emakumeetan, faborito argi bat dago: Oihana Azkorbebeitia. Iaz errekor berria ipini zuen Anboto gainean, eta joan zen asteburuan hirugarren tokian amaitu zuen kilometro bertikalen munduko kopa, Frantziako Alpeetako azken lasterketan zazpigarren tokian amaituta. Beragaz batera, beste hiru korrikalari nabarmendu daitezke proba irabazteko edo podiuma zapaltzeko aukerekin: Andrea Garay (bigarren Gorbeia Suzien lasterketan eta Beriaingo kilometro bertikalean), Maite Etxezarreta (hirugarren Beriainen), Maite Zabaleta (lehenengoa Ttutturreko proban) eta Nahia Quincoces.

Murua eta Alzola gizonetan
Gizonetan izen batzuk falta dira, baina, hala ere, maila handiko korrikalariak datoz. Beriaingo eta Ttutturreko probak irabazi dituen Iban Murua izango da faborito nagusia eta, seguruenik, Iñigo Alzola —bigarren Ttutturren— izango du aurkari nagusia.

Bihar izango da lasterketa, 14:00etan hasita. Korrikalariak banan-banan irtengo dira Arrazolatik, eta 1.092 metroko desnibel positiboa igo beharko dute 3,8 kilometrotan zehar. Sari banaketa ekitaldia 17:30ean hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!