Atxondoko guraso talde batek udalak Ziarreta auzoaren atzekaldean dagoen jolasgunea botatzeko asmoa duela jakitera eman du azken egunotan. Xabier Azkarate alkateak ANBOTOri baieztatu dionez, "ezin daiteke umeen segurtasuna bermatu", beraz, parkea kenduko dute. "Udaletxeko arkitektoagaz izan ginen jolasgunea begiratzen eta ezinezkoa da konpontzea. Beste hainbat gauzen artean, egurrak tratatu gabe daude, eta hori ezin da horrela eduki. Gainera, salbatzen den jolas bakarra erruberak dira", jarraitu du Azkaratek. Horren ondorioz, parkea kentzea erabaki dutela aitortu du. Oraindik ez dakite noiz kenduko dute.
Bestalde, guraso taldea hasarre agertu da udalaren erabakiarekin, eta beraiek jolasgunean moldaketak egiteko prest daudela aitortu dute. "Familiok prest egon gara egin beharreko moldaketak egiteko, parkeak araudia bete dezan, baina beraien esanetan parke guztitik ez dago ezer salbatzerik", esan dute guraso taldeko kideek. Bestalde, beraiek ingeniari batekin hitz egin dutela eta horren esanetan "lau gauza txiki moldatuta" parkeak araudia betetzen duela azaldu dute.